Aldaera demografikoen eta lan merkatuaren etorkizuna Nafarroako Foru Erkidegoan
Lan honetan Nafarroako Foru Erkidegoko populazioaren, lanean ari diren herritarren eta pentsioen 2006-2060 arterako aurreikuspena jaso da. Horretarako, aldaera demografikoen (jaiotza-tasa, hilkortasuna eta immigrazioa) garapenari buruzko hainbat hipotesi hartu dira kontuan, baita lan merkatuarekin (jarduera-tasak, lanbidea eta erretiroa hartzeko adina) eta ekonomiarekin (BPG eta laneko produktibitatea) zerikusia duten beste batzuk ere.
Biztanleriari dagokionez, hipotesi hauetan oinarritzen da aurreikuspena:
– Ugalkortasun-indize sintetikoak gora egingo du pixkanaka egungo baliotik (1,398) eta ordezkapen-indizetik gertu geratuko da (1,86) 2050ean. 2060ra arte eutsiko dio balio horri.
– Hilkortasun-tasak maila bertsuan murriztuko dira datozen 54 urteetan, %35 sexu- eta adin-talde guztietan (ondorioz, jaiotzean bizi-itxaropena 86,3 urtekoa izango da 2060an).
– Urteko immigrazio gordina %65 murriztuko da egungo balioarekin alderatuta, 2010 eta 2020 urteen artean batez ere.
Joera hori gauzatzen bada, Foru Erkidegoko guztizko biztanleria handitu egingo da, 270.000 biztanle inguru (2006an 605.876 biztanle izatetik, 875.770 izatera pasatuko da 2060an). Jaiotza- eta hilkortasun-tasa egungo mailan gelditzen badira, berriz, eta immigraziorik ez badago, behera egingo luke biztanle kopuruak (428.862 biztanle izango lirateke 2060an; hasierako kopurutik 177.000 biztanle gutxiago beraz).
Biztanleriaren aurreikuspen hori abiapuntu hartuta egin zen enplegu aurreikuspena, eta jarduera- eta lanbide-tasek nahiz erretiroa hartzeko adinak izango duten joerari buruzko hainbat hipotesi proposatu ziren. Aztertutako egoera guztietatik hipotesi hauek oinarri dituena da zentzuzkoena:
– Langabezia-tasak %36 egingo du behera 2006-2060 artean (lan egiteko adina duten biztanle-talde guztietan).
– Lanbide-tasak egungo mailari eutsiko dio.
– Erretiroa hartzeko batez besteko adina atzeratu egingo da pixkanaka, 70 urtera arte 2010 eta 2040 artean.
Aldaera demografikoen garapen baikor samarra kontuan hartuz (biztanleria arestian aipatu dugun moduan haziko litzateke, 270.000 lagun inguru) eta langabeziak behera egingo balu lanean dauden biztanleen kopuruak gora egingo luke 100.000 pertsona inguru (%25 inguru hasierako kopurutik).
Biztanleriari eta enpleguari buruz aipaturiko aurreikuspenak kontuan hartuta, pentsioen aurreikuspena egin zen (kotizaziopekoak, hau da, zurztasun, ezintasun, alarguntasun eta erretiro-pentsioa) aipaturiko eperako. Atal honetan zailagoa izan zen kalkuluak egitea, oinarrizko hipotesiak azaltzea erraza izan arren: aztergai dugun epean estu lotuta egongo dira pentsio bakoitzaren kopurua eta erreferentzia gisa hartzen diren aldaera garrantzitsuak (64 urtetik gorako pertsona kopurua alarguntasun-pentsiorako, lanean dauden herritarren kopurua ezintasun-pentsiorako, etab.).
Hori guztia oinarri hartuta, litekeena da kotizaziopeko-pentsioen guztizko kopurua nabarmen gehitzea, %120 hasierako kopurutik (erretiroa hartzeko adina atzeratu egingo dela kontuan hartuta gainera: adin hori atzeratuko ez balitz, hazkundea %130ekoa izango litzateke).
Aldaera demografikoen joera horrek eragin nabarmena izango du menpekotasun-ratioen garapenean (lan egiteko adinean dagoen pertsona bakoitzeko langabe kopurua adierazten dute), eta nabarmen egingo dute gora, baita %97 baino gehiago ere epe amaieran, egungoarekin alderatuz; horrek eta enpleguan izango den garapenak bidea ematen dute, egungo estaldura-sistemaren bideragarritasunari buruzko zenbait ondorio ateratzeko. Lanean hainbat egoera aztertu dira, produktibitate-tasek, BPGak eta sistemaren emankortasunak izan dezaketen garapenaren arabera (batez besteko pentsioaren eta soldataren arteko zatidura).
Lortutako emaitzen arabera, gogoeta labur hauek jaso ditugu, arlo honetan azken urteetan egin diren lanen ondorioekin bat datozenak:
– Egungo joera demografikoek erakusten dute biztanleria zahartu egingo dela, baita Nafarroako Foru Erkidegoan ere.
– Foru Erkidegoko egungo jaiotza-tasaren arabera, eta epe luzean maila horri eutsiz nolako ondorioak izango lituzkeen kontuan hartuz, ezinbestekoa da jaiotza-tasa bultzatzeko neurriak hartzea.
– Immigrazioa bereziki eta gertutik zaindu behar da. Biztanleria zahartzearen ondorio negatiboak nabarmen okertuko lirateke migrazio-mugimendurik egongo ez balitz, biztanleria dinamiko eta gaztea izaten laguntzen duelako eta hori lagungarria delako aipaturiko zenbait arazori aurre egiteko.
– Garrantzitsua da halaber ahal den neurrian familia eta lana bateratzen laguntzea, eta noski, baita sexuen arteko berdintasunaren aldeko politika oro ere, jarduera-tarte handiagoa duten biztanle-taldeetan jarduera handitzeko.
– Nolanahi ere, eta inolaz ere ezkorrak ez diren egoeretan, neurriak hartu beharko dira etorkizuneko pentsiodunentzat estaldura egokia bermatzeko. Ondorioz, gerta liteke herritarren aldekoak ez diren neurriak hartu behar izatea, baina sistema epe luzean bideragarri izateko ezinbestekoak. Ildo horretan, aztertu egin beharko litzateke erretiroa hartzeko legezko adina atzeratzeko prozesu bat hastea.
Aurreko guztiaren laburpen gisa esan genezake aldaeren garapena nahiko baikorra (baina egingarria) izango dela kontuan hartuz, posible dela egungo estaldura-sistemari eustea; hala ere, jaiotza-tasa bultzatzeko eta etorkinei gizarteratzen laguntzeko neurriak jarri beharko dira indarrean. Baita jarduera-tasak hobetzeko eta erretiroa hartzeko egungo adina atzeratzeko neurriak ere. Hori guztia kontuan hartuz, ez dirudi egungo emankortasun-mailari eutsi ahal izango zaionik (batez besteko pentsioaren eta soldataren arteko lotura), lanean ari diren biztanleek ahalegin handia egiten ez badute behintzat; baina hori ez da bateragarria Toledoko Hitzarmenean proposatutako emankortasun-mailekin (pentsioak soilik BPGren arabera handitzea onartu zuen; “%0ko emankortasuna” esaten diogu horri).