2008KO EKONOMIAREN TXOSTENA

 Euskadiko Kutxak bere hogeita hamahirugarren txosten ekonomikoa aurkeztu nahi dizue. Txosten horrek dituen abantailetako bat bere jarraitutasuna eta ekonomiaren aldaketen gainean egiten duen segimendua da. Izan ere, guztiok dakigun bezala, aldaketa horiek oso biziak izan dira. Euskadiko Kutxaren txostena besteen aldean bereizten duen beste ezaugarri bat ere badago: sektoreka egindako azterketa da. Hala, produkzio-sektore nagusiei buruz eskura dagoen informazio guztia jasotzen du, informazio zehatzagoa ematen du industria-sektoreko hamaika jarduerari buruz eta hirugarren sektoreko bosti buruz, eta jarraipen berezia egiten die finantza-sektoreari eta sektore publikoari. Sektore horien multzoa gero eta handiagoa da zenbat eta informazio erabilgarri gehiago egon. Horrez gain, garatze bidean dauden sektoreak txostenean jasotzeko ahaleginak egin ditugu.

 Ildo horretan, eta berez sektore bat ez izan arren, aurtengo txostenean aintzat hartu dugun atal berria aipatuko dugu: hainbat ikuspegiren arabera aztertutako euskal enpresa-sarearen azterketa zehatza, alegia. Establezimendu kopurua, enplegua, dimentsioa, izaera juridikoa, jarduera-sektorea… eta beste batzuk dira ikuspegiok. Azken batean, denboran zehar euskal enpresaren dinamismoa azalduko digu azterketa horrek.

 Jarraian, euskal ekonomiaren iazko eboluzioaren ezaugarri nagusien berri emango dizuegu:

 Horrenbestez, 2008a trantsiziozko urtetzat har genezake euskal ekonomiarentzat, aipatu ditugun datuei erreparatuta. BPGaren hazkundeari buruzko kopuruak euroaren eremuko herrialdeenak baino askoz hobeak dira eta Europar Batasuneko gainerako kideekin bateratzeko prozesuan aurrera egiteko aukera ematen dute. Hala, Aurrezki Kutxen Fundazioaren (FUNCAS) kalkuluen arabera, EAE eta Nafarroa lehen (136,2) eta hirugarren (127) postuetan daude, hurrenez hurren, biztanleko BPG terminoetan.

 Bukatzeko, aurtengo ekitaldirako aurreikuspenak ere izango ditugu aipagai. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA ) hazkunde negatiboa aurreikusi du aurten euroaren eremuan, -% 4,8 ingurukoa, eta -% 2,8koa AEBentzat. Kopuru horiek argi eta garbi erakusten dute gaur egun igarotzen ari garen bolada ekonomikoa. Alde batetik, nazioarteko finantza-krisia dago, eta agian bukatutzat eman genezake hori. Bestetik, ekonomia-krisi sakona dugu, batzuk “kimu berdeak” sumatzen hasi badira ere. Baina ez diogu geure buruari iruzur egin behar. Finantza-merkatuak hobeto funtzionatzen hasi badira eta inkesta batzuek hobekuntza iradokitzen badute ere, ez dugu pentsatu behar krisialdiaren amaiera hurbil dagoenik. 2009. urtea oso zaila izango da eta espero dezagun 2010ean zehar suspertzearen lehen zantzuak ikusten hastea.

 Zilegi da onartzea banku zentralen eta gobernuen jokaera irmoa erabakigarria izan dela igarotzen ari garen estres-egoerari aurre egiteko. Hala ere, lehenago edo beranduago, diru-politikak aldatu beharko dira, eta gastu publikoak ez ezik, egonkortzaile automatikoek eta zerga bidez bildutako diru kopuruaren jaitsierak ere kontu publikoetan eragindako galerei aurre egin beharko diegu.

 Labur esanda, agertokiak ezohiko ziurgabetasuna erakusten du, tamalez. Nolanahi ere, BPGaren hazkundeari buruz egin ditugun aurreikuspenak honako hauek dira: -% 3,1 EAEn, -% 3,8 Nafarroan eta -% 4,0 Espainian. Hau da, atzeraka dabilen ekonomiari dagozkion kopuruak dira.

Exit mobile version