Menu

Sala de prensa Laboral Kutxa

Notas de prensa

EUSKADIKO KUTXAK 56,5 milioiko etekinak lortu ditu 2009an, zergak ordaindu ondoren

? Euskadiko Kutxaren Kaudimen maila, Core Kapitalari dagokionez, % 10,53an dago, sektoreko lehenengo zazpien artean, eta Berankortasunari % 2,90ean eutsi dio.

Euskadiko Kutxaren 2009ko emaitzak 56,5 milioi eurokoak izan dira, zergak ordaindu ondoren. Kopuru horrek % 43,8ko murrizketa adierazten du, 2008ko emaitzekin alderatuta.

Negozio errepikariaren zuzkiduren aurreko emaitza % 22,8 handiagoa izan da. Entitateak, berankortasunari eutsi arren, bikoiztu egin ditu hornidurak, zuhurtasun-irizpideari jarraiki. Berankortasun hori % 2,9an dago orain, sektoreko batez bestekoa baino dezente beherago.

NEGOZIOAREN BILAKAERA: Negozioaren kopuru osoa 35.412 milioi eurokoa izan da, % 3,1 handiagoa, aurreko urtekoarekin alderatuz gero.

AURREZKI ERAKARPENA: Sektore pribatuko bezeroen gordailuak % 7 hazi dira, batez ere MAX kontuaren laguntzari esker, jadanik 215.000 bezero baino gehiago baititu.

KREDITU INBERTSIOA: Bezeroei emandako kredituak 16.797,3 milioi eurokoak izan dira guztira, hau da, % 0,1 handiagoak.

— Familientzako kredituak: Entitateak % 12an gainditu ditu bere Kudeaketa Planean aurreikusitako kopuruak, izan ere, familien finantzaketarako guztira 1.000 milioi euro ematea agindu baitzuen. Horrela, bada, etxebizitzetarako hipoteka-maileguak % 3,7 hazi dira, merkatuko bilakaeraren gainetik, eta, Kontsumoaren Finantzaketari dagokionez, guztira 200 milioi euroko maileguak gauzatu dira, % 27ko jaitsiera izan duen merkatuan.

Interneten, kutxazainetan eta Telefono bidezko Bankuan momentuan bertan eskuratzen diren Dispon maileguen bilakaera bereziki azpimarratu behar da, bezeroei emandako mailegu pertsonalen herena baitira dagoeneko. Horrek guztiak kreditu-eskariari erantzutea ahalbidetu du, gure bezeroenganako irisgarritasuna erraztuz.

— Enpresen finantzaketa: Atal horretan oparo bete da Euskadiko Kutxaren likidezia-ildoa, hasieran 200 milioi euroz horniturik baitzegoen, baina azkenerako 300 milioira heldu baita. Aipagarria da Eusko Jaurlaritzaren Likidezia Hitzarmenaren bitartez burututako finantzaketa, Autonomia Erkidegoan emandako mailegu guztien % 25 gure Entitateak eman baititu. Horrek esan nahi du Erkidegoko lau enpresatatik batek egungo egoera ekonomikoan funtsezkoa den tresna hori erabiltzea erabaki duela, Euskadiko Kutxaren laguntzaz.

ERAGINKORTASUNA: Administrazio-gastuen bilakaera neurritsuari esker, Eraginkortasun Indizea (gastu horiei Marjina Arruntean dagokien ehunekoa, alegia) % 38an dago, eta sektoreko nabarmenetako bat da.

BERANKORTASUNA: Berankortasun-tasa % 2,9koa da, Kutxen sektoreko batez bestekoa baino askoz txikiagoa, batez besteko hori azaroan % 5,26koa baitzen.

LIKIDEZIA: Euskadiko Kutxak likidezia maila erosoak ditu; hala erakusten du emandako kredituei lotutako % 86ko gordailu-ratioak.

KAUDIMENA: Entitateak % 10,53ko Core Kapital ratioa du, eta, sektoreko Entitateei dagokienez, lehenengo zazpien artean dago.

EMAITZA KONTUA:

Interes-marjinak % 14,5 egin du gora, finantza-kostuak azkar egokitu direlako interes-tasa txikietara.

Oinarrizko Marjinak, negozioaren emaitzak islatzen dituenak, % 9,4 egin du gora, iazko ekitaldiarekin alderatuta.

Zuzkiduren aurreko ustiapen-emaitza 255,2 milioi €-koa izan da, 2008an baino % 22,8 handiagoa. Negozio errepikariak emaitzak sortzeko ahalmen handia duela erakusten du horrek.

Berankortasunari eutsi egin dion arren, Entitateak kaudimen-gabezietara 205,1 milioi € bideratzea erabaki du, etorkizunean sor daitekeen konplexutasun handiagoari aurrea hartuz eta hurrengo urteetan berankortasuna areagotzeko arriskuaren aurrean zuhurtziaz jokatuz. Horrela, iazko ekitaldiarekin alderatuta, Entitateak hobetu egin du zalantzazko aktiboen estaldura-ratioa: hain zuzen ere, % 71,98ra igo du, sektoreko % 57,90a baino dezente gorago.

Azkenik, aipatzekoa da Euskadiko Kutxa, bigarren urtez jarraian, Estatu osoko Entitaterik onena izan dela bezeroen arretaren kalitatean, Stiga institutu independenteak egindako azterlanaren emaitzen arabera. Izan ere, 105 finantza-entitate aztertu ditu Stigak.

Komunikazioa
Arrasate, 2010eko urtarrilaren 25ean