Menu

Sala de prensa Laboral Kutxa

Notas de prensa

2008KO EKONOMIAREN TXOSTENA

  • _mg_5625EAEko Barne Produktu Gordina (BPG) % 2 hazi zen 2008an. Nafarroako Foru Erkidegoan, hazkundea % 1,9koa izan zen.
  •  Hazkundearen oinarri nagusia barne-eskariaren sendotasuna izan zen.
  •  Esportazioen hazkundeari erreparatuta, kanpo-merkataritzaren eboluzioak dinamismo nabarmena izan zuen Nafarroan, eta txikiagoa EAEn.
  •  Eskaintzaren ikuspegitik, azpimarratzekoa da zerbitzu-sektorearen jokaera. Industria eta eraikuntza, berriz, sektore ahulagoak izan ziren.
  •  EAEn enpleguak hazkunde apala izan zuen (% 0,5) eta langabezia-tasa % 6,4raino igo zen. Nafarroako Foru Erkidegoan, berriz, enplegu pixka bat galdu zen (-% 0,2) eta langabezia-tasa nabarmen handitu zen, % 6,7raino.
  •  Mozkinen portzentajea salmenta eta fondo propioekiko % 5,7 eta % 11,6 izan zen 2008an, hurrenez hurren.

 Euskadiko Kutxak bere hogeita hamahirugarren txosten ekonomikoa aurkeztu nahi dizue. Txosten horrek dituen abantailetako bat bere jarraitutasuna eta ekonomiaren aldaketen gainean egiten duen segimendua da. Izan ere, guztiok dakigun bezala, aldaketa horiek oso biziak izan dira. Euskadiko Kutxaren txostena besteen aldean bereizten duen beste ezaugarri bat ere badago: sektoreka egindako azterketa da. Hala, produkzio-sektore nagusiei buruz eskura dagoen informazio guztia jasotzen du, informazio zehatzagoa ematen du industria-sektoreko hamaika jarduerari buruz eta hirugarren sektoreko bosti buruz, eta jarraipen berezia egiten die finantza-sektoreari eta sektore publikoari. Sektore horien multzoa gero eta handiagoa da zenbat eta informazio erabilgarri gehiago egon. Horrez gain, garatze bidean dauden sektoreak txostenean jasotzeko ahaleginak egin ditugu.

 Ildo horretan, eta berez sektore bat ez izan arren, aurtengo txostenean aintzat hartu dugun atal berria aipatuko dugu: hainbat ikuspegiren arabera aztertutako euskal enpresa-sarearen azterketa zehatza, alegia. Establezimendu kopurua, enplegua, dimentsioa, izaera juridikoa, jarduera-sektorea… eta beste batzuk dira ikuspegiok. Azken batean, denboran zehar euskal enpresaren dinamismoa azalduko digu azterketa horrek.

 Jarraian, euskal ekonomiaren iazko eboluzioaren ezaugarri nagusien berri emango dizuegu:

  •  2008an, EAEko BPG % 2 handitu zen, eta Nafarroako Foru Erkidegokoa % 1,9. Beraz, ekonomia-hazkundeari lotutako tasak 2007koen erdira murriztu ziren. Aipatutako datuak, ordea, berebiziko finantza- eta ekonomia-krisia ezaugarri dituen testuinguru orokorraren baitan kokatu behar ditugu.
  •  Hazkundearen oinarria barne-eskariaren portaera denez, alderdi horrek urtean zehar izandako dezelerazioa nabarmendu behar dugu.
  •  Nafarroako FEko kanpo-merkataritzaren bilakaeraren dinamismoa aipagarria izan da, eta EAEkoa askoz ere txikiagoa, esportazioen gorakadari dagokionez. Inportazioen portaera, aldiz, nahiko laua izan da. Dena den, kanpo-sektoreak BPGri egindako ekarpenari erreparatuz gero, bai EAEn (hamarren 1) bai Nafarroako FEan (3 hamarren) hazkundea eragin duela egiaztatuko dugu.
  •  Eskaintzaren ikuspegitik, zerbitzu-sektoreak aztergai ditugun bi lurralde-eremuetan izandako portaera azpimarratu behar da. Balantzaren beste aldean, industria- eta eraikuntza-alorren portaera ahula izan da.
  •  Lan-merkatuaren datuetan, bestalde, ekonomia-jardueraren gainbehera islatu da, adierazle nagusiek argi eta garbi egin baitute behera. Horrela, EAEko enplegu-tasak gorakada txiki bat (% 0,5) izan du, baina langabezia-tasa ere hazi egin da, % 6,4koa izan baita. Nafarroako FEko enplegu-tasa, ordea, murriztu egin da pixka bat (% -0,2), eta langabezia-tasa nabarmen handitu da, % 6,7an kokatuz. Ildo horretan, aipatzekoa da bi adierazleek Estatu osoan izandako tasak are txikiagoak direla.
  •  Enpresa-emaitzetan krisiaren ondorioak nabaritu diren arren, errentagarritasun mailek interesgarriak izaten jarraitzen dute. Azken urteotan euskal industria-enpresa nagusiei egindako jarraipenaren arabera, etekin/salmenten eta etekin/fondo propioen ratioak % 5,7 eta % 11,6 izan ziren, hurrenez hurren, 2008an. Bi tasak aurreko urtekoak baino nabarmen txikiagoak dira.

 Horrenbestez, 2008a trantsiziozko urtetzat har genezake euskal ekonomiarentzat, aipatu ditugun datuei erreparatuta. BPGaren hazkundeari buruzko kopuruak euroaren eremuko herrialdeenak baino askoz hobeak dira eta Europar Batasuneko gainerako kideekin bateratzeko prozesuan aurrera egiteko aukera ematen dute. Hala, Aurrezki Kutxen Fundazioaren (FUNCAS) kalkuluen arabera, EAE eta Nafarroa lehen (136,2) eta hirugarren (127) postuetan daude, hurrenez hurren, biztanleko BPG terminoetan.

 Bukatzeko, aurtengo ekitaldirako aurreikuspenak ere izango ditugu aipagai. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA ) hazkunde negatiboa aurreikusi du aurten euroaren eremuan, -% 4,8 ingurukoa, eta -% 2,8koa AEBentzat. Kopuru horiek argi eta garbi erakusten dute gaur egun igarotzen ari garen bolada ekonomikoa. Alde batetik, nazioarteko finantza-krisia dago, eta agian bukatutzat eman genezake hori. Bestetik, ekonomia-krisi sakona dugu, batzuk “kimu berdeak” sumatzen hasi badira ere. Baina ez diogu geure buruari iruzur egin behar. Finantza-merkatuak hobeto funtzionatzen hasi badira eta inkesta batzuek hobekuntza iradokitzen badute ere, ez dugu pentsatu behar krisialdiaren amaiera hurbil dagoenik. 2009. urtea oso zaila izango da eta espero dezagun 2010ean zehar suspertzearen lehen zantzuak ikusten hastea.

 Zilegi da onartzea banku zentralen eta gobernuen jokaera irmoa erabakigarria izan dela igarotzen ari garen estres-egoerari aurre egiteko. Hala ere, lehenago edo beranduago, diru-politikak aldatu beharko dira, eta gastu publikoak ez ezik, egonkortzaile automatikoek eta zerga bidez bildutako diru kopuruaren jaitsierak ere kontu publikoetan eragindako galerei aurre egin beharko diegu.

 Labur esanda, agertokiak ezohiko ziurgabetasuna erakusten du, tamalez. Nolanahi ere, BPGaren hazkundeari buruz egin ditugun aurreikuspenak honako hauek dira: -% 3,1 EAEn, -% 3,8 Nafarroan eta -% 4,0 Espainian. Hau da, atzeraka dabilen ekonomiari dagozkion kopuruak dira.